Albisteak
Goierri Kolore 2008
"Zu zara giltza" boluntariotzari buruzko kanpaina
Udala, Herritarren Partaidetza eta Boluntariotzaren Sustapenerako eta Gizarte Ongizate sailak
Zabaldu2010, urtarrilaren 21a -
‘Zu zara giltza' lelopean, Ordiziako Udalak boluntariotza sustatzeko kanpaina berria burutuko du 2010ean zehar, hilero-hilero, elkarte baten lana erakutsi eta boluntarioak erakartzeko asmoarekin. Monica Marañon eta Iñaki Dubreuil, Herritarren Partaidetza eta Boluntariotzaren Sustapenerako eta Gizarte Ongizateko zinegotziek aurkeztu dute ekimena. Beraiekin bat egin dute Nagusilan elkarteko hainbat kideek, izan ere Nagusilanekin abiatuko da kanpaina. Besteak beste, datorren ostegunean -hilak 28- gizarte boluntariotzari buruzko gela irekia eskainiko du, Jubilatuen Etxean, 18.00etan. Topaketa honetan Mari Karmen Garmendia, Kultura Sailburu ohiak, hartuko du parte.
2010 urtean zehar, hilero, Boluntariotzaren Sustapenerako delegazioak ordiziarrei gizarte boluntariotza arloan lan egiten duten elkarteak erakutsi eta gerturatuko dizkie.
Marañonen esanetan, "Hilero xede desberdineko elkarte edo elkarte talde bati buruzko informazioa zabalduko dugu ikuspegi prebentibo, komunitario batetik ordiziarren artean boluntariotza sustatu eta herritarrak sentsibilizatzeko".
Helburu bikoitza duen programa da: Hilero elkarte, edo elkarte-talde bat iragarri, gizarte eta osasun gaiekin zerikusia duena; eta, Ongizateko Udal Aholku Batzordeari interesgarri, egoki edota beharrezko iruditzen zaizkion osasun edota gizarte alorretako egoerekin ordiziarrak sentsibilizatu.
Programa Udaleko Gizarte Ongizateren Aholku Batzordeak eta Herritarren Partehartze eta Boluntariotzaren Sustapen delegazioak osatu dute Ongizate Delegazioaren laguntzarekin eta esku hartzeko 12 kausa/xede (hilean bat) barneratuko ditu. Hileroko "kausak" nazioarteko, mundu mailako edo nazio mailako kausa horretako egunarekin bat egin dezan saiakera egingo da.
Kasu guztietan, ezagutzera emango den elkartearentzat boluntarioak lortzeko kanpaina egingo da; erakunde adierazpena edota herritar adierazpena (Gizarte Ongizateko Udal Batzordea) ezagutzera emango da; eta, "kausaren" oinarrizko gaiak azaltzen direneko esku-orria banatuko da. Elkarte bakoitzak ondo dagokion ekintza ere antolatu ahal izango du, Nagusilanek ostegunerako prestatu duen gizarte boluntariotzaren inguruko gela irekia kasu.
Beraz, hilabete honetan, Nagusilan elkartearen babesa duen "boluntariotza adinekoen artean, adinekoen artetik eta adinekoekin" gaiaren txanda da. Zinegotzien arabera, "Elkarte honek ezin hobeto erakusten du zer den boluntariotza adinekoen artean, adinekoentzat eta adinekoekin".
Ordiziak gai honetan "kapital" handia du, bai pertsona boluntario, bai esku-hartze eremu eta bai urte askotako esperientziagatik, gogoratu dute Dubreuilek eta Marañonek. Jubilatuen etxea, esperientziaren eskola, eta nola ez, Nagusilan, beste batzuen artean parte-hartze foroak dira, Ordizian berezko argitasuna duten boluntariotza foroak dira. "Ezin ditugu alde batera utzi Ordiziako elkarte-sare zabalean boluntario bezala lan egiten duten eta parte hartzen duten adinekoak: Caritas, Kimetz, Odol-emaleak, minbiziaren aurkako elkarteak, Elkar, etab. Hauei guztiei iritsiko zaie bere txanda "Zu zara giltza" programaren barruan", adierazi dute.
Aspanovas eta AECC otsailean
Horrela, kanpaina hilabete honetan hasiko da Nagusilanekin eta otsailean segituko du Minbiziaren aurkako Elkartearekin (AECC) eta Minbizia duten Haurren Gurasoen Elkartearekin (Aspanovas). Martxoan, Ordiziako Kimetz emakumeen elkartearen txanda izango da; Esperientziaren eskolarena apirilean; Herriak Elkarlanean, gobernuz kanpoko erakundearena maiatzean; Gipuzkoako Odol Emaileena ekainean; Ordiziako Babes Zibila eta Gipuzkoako DYArena uztailean; Ordiziako Caritasena abuztuan; irailean, Gipuzkoako Alzheimer Gaixoen Senideen elkarteak (AFAGI) hartuko du txanda; Ordiziako Pentsiodun eta Jubilatuen Elkarteak eta Gipuzkoako Bularreko Minbizia duten Emakumeen Elkarteak (Katxalin) urrian; Goierriko Gurutze Gorriak eta Bategite Etorkinen Elkarteak azaroan eta, amaitzeko, Ezintasun Psikikoa duten Pertsonen Elkarteak (Atzegi) eta Goyeneche fundazioak abenduan.
32 boluntario Nagusilanekin Ordizian
Nagusilan antolatutako boluntarioen elkarte bat da, izaera humanista duena. Pertsona ahulenen beharrak asetzeko erronka bere gain hartzea du helburu. Goierri eta Gipuzkoako (739 kideekin) herri gehienetan dago. Ordiziako taldea duela 10 urte sortu zen eta 32 boluntario ditu une honetan.
Elkarteko ordezkarien esanetan, "Gure xedea adinekoen artean boluntariotza soziala bultzatzea da eta laguntza gutxien duten pertsonen bizi-baldintzak hobetu eta arintzeko konpromisoa dugu".
Nagusilanentzat, garrantzitsuena "beharra duen jendearen ondoan egotea" da; "entzutea, maitasuna eskaintzea eta ulertzen saiatzea; berotasuna eskaintzea".
"Helburu honekin gure lana gune hauetan burutzen dugu: San Jose Egoitza, Gureakeko Eguneko Zentroa, Adinekoen Eguneko Zentroa, euren etxebizitzetan bakarrik bizitzen diren pertsonekin egotea, Zilarrezko Harian arreta eskainiz doako telefono dei bidez, Elikagaien Bankuen Banaketan laguntza eskaintzen dugu, eta Tokiko eta Eskualdeko Gizarte Ongizateko Aholku Batzordeko kide ere bagara", laburtu dute ordezkariek.
Era berean, taldea udalerrian sor daitezkeen beste behar batzuetan laguntza eskaintzeko prest dago, garatzen ari diren proiektuak finkatzen diren neurrian.
Elkarteko kideek diotenez, "Esperientzia, guretzat, pertsona boluntarioentzat oso positiboa da". Horregatik, "konpainia noiz jasoko zain dauden pertsona hauei laguntza eskaini nahi dieten boluntario berriei dei egin nahi diegu", amaitu dute.
Ez galdu...
Langabezia datuak-immigrazioa 2009
(PDF - 10 Kb.)
2009ko abenduko langabezia datuak


